domingo, 23 de febrero de 2014

Gaitzak eta osasuna. Klimak ez du itxaroten



klima aldaketa eragiten ari den fenomeno nagusiak-4

Klimak ez du itxaroten   Berria.info   2013-11-14 - 11:21:52

Tenperatura berotzeak eragingo duen ingurumen aldaketak eta zenbait parasitoren eragin eremua zabaltzeak gaixotasun batzuen eragin eremua handitu egingo du. Esate baterako, dengea eta paludismoa kutsatzen duten eltxoak iparraldeko lurretara joan ahal izango dira, berotzearen eta prezipitazioen biderkatzearen erruz. Aldi berean, natur hondamendi gehiago izaten ari dira eta etorkizunean are eta gehiago izango dira (uholdeak, lehorteak, urakanak, ekaitzak...), eta horrek eragin larriak ekarriko dituzte, ur edangarriaren gabeziaren ondorioz. Asma eta rinitis gehiago izango dira udaberrian, eta estres termikoak bihotzeko eta arnas aparatuko gaitzak ugarituko ditu. Europaren kasuan, esate baterako, azken uda batzuetan izan dira beroak eragindako gaitz larri batzuk: bero kolpeak, hipertermia, deshidratazioa...

Horiek are eta gehiago sentituko dira hurrengo urteotan. Aldiz, neguan izaten diren gaitz batzuk (bronkitis, pneumoniak...) gutxiago nozituko dira. Europako herrialde guztietan nabaritu da jadanik joera hori. Esate baterako, 1950 geroztiko negurik hotzenetan %5-7 artean gutxitu dira gaitzen ondoriozko heriotzak, abendutik otsailera. Udarik beroenetan,  berriz, %10-12 handitu dira heriotzak, ekainetik abuztura.

domingo, 16 de febrero de 2014

Ekosistemen desagertzea. Klimak ez du itxaroten



klima aldaketa eragiten ari den fenomeno nagusiak-3

Klimak ez du itxaroten   Berria.info   2013-11-14 - 11:21:52

Berotzeak eragin handia izango du munduko ekosistemetan. Haietako batzuk ari dira jadanik berotze orokorraren kalteak pairatzen. Hala, tropikoetako espezieek pairatuko dituzte kalteak azkarren, ez baitaude ohituta tenperatura aldaketetara. Dagoeneko koralezko uharriak ari dira pairatzen klima aldaketaren ondorioak. Haietako asko ari dira desagertzen, eta berotzeak jarraitzen badu litekeena da munduko guztiak desagertzea, zientzialariek ohartarazi dutenez.


Beste ekosistemetan izango den eraginari dagokionez, zaila da neurtzea zer eragin izango duen klima aldaketak,  tenperatura igotzea ez delako berdina izango planeta osoan. Edonola ere, espezieen galera gaur egun erritmo naturalean baino 1.000 aldiz azkarrago gertatzen ari da, lau faktore nagusirengatik: klima aldaketa, kanpoko espezieen inbasioa, gehiegizko ehiza eta gehiegizko arrantza. Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren (IUCN) zerrenda gorriaren arabera, txorien espezieen %12, ugaztunen %23, anfibioen %32 eta dordoken %42 desagertzeko arriskuan dira: 16.928 espezie berriki zentsatu dituzten 44.838 espezieetatik. Desagertzeko arriskuan diren ia 17.000 espezie horietatik 3.246 egoera kritikoan daude. Horietatik batzuk klima aldaketak zuzen-zuzenean mehatxatzen ditu, WWFk adierazi duenez: hartz polarra, pinguinoa, Bengalako tigrea, mortsa, hegaluze gorria, hipopotamoa, mendiko gorila, albatroa, itsas dordoka eta koralezko uharria.

domingo, 9 de febrero de 2014

Itsasoko uren igoera. Klimak ez du itxaroten



klima aldaketa eragiten ari den fenomeno nagusiak-2

Klimak ez du itxaroten   Berria.info   2013-11-14 - 11:21:52


Izotzen urtzearen eta zabaltze termikoaren ondorioz —biak ere erregai fosilek eragindako berotegi efektuak eragindakoak— itsasoko uren igoera zenbatekoa izango den eztabaida handiak eragiten ditu zientzialarien artean. Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Panelaren arabera, 18 eta 59 zentimetro artean igoko da itsasoaren maila mende honetan. NASAko klimatologoek, baina, askoz ere egoera txarragoa iragarri dute, alegia, 2,25 metroko igoera: 45 zentimetro igoko lirateke glaziarren urtzearen ondorioz, 90 zentimetro Groenlandiako izotzaren urtzearengatik eta 90 zentimetro Antartidako izotzaren desagertzeagatik. Hain aurreikuspen ezberdinak daude ez dagoelako garbi zenbatekoa izango den tenperaturaren igoera.
Edonola ere, ur maila igotzeak lur asko ureztatuko ditu, eta horrek 634 milioi herritarrengan eragin zuzena eduki dezake. Izan ere, horiek itsasoko altueratik hamar metrora baino gutxiagora bizi dira. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, itsasoko urak 50 zentimetro igotzeak uholdeak ekarriko lizkieke 150 milioi laguni, bereziki enbata dagoenean. Euskal Herria ere ez da salbuespena izango.
Lapurdiko eta Akitaniako 150 zientzialarik egindako ikerlan baten arabera, 50 zentimetro eta metro bat artean igoko da uren maila Lapurdiko kostaldean. Azti-Tecnaliaren arabera, 1950etik 1,8 milimetro urteko ari da igotzen itsasoaren maila munduan.
Mundu mailako igoera hori baino handiagoa da euskal kostaldean, 2,1 miliimetro 1943tik 2004ra (10 zentimetro 50 urtean). Horren ondorioz hiru hektarea galdu dute hondartzek Gipuzkoan mende erdi horretan, itsasoaren eskuetan. Alabaina, prozesu hori azkartzen ari da, eta 1993tik hiru milimetro ari da igotzen urtero. XXI. Mende bukaeran 50 zentimetro inguru haziko da itsasoaren maila Bizkaiko Itsasoan, Azti-Tecnaliaren arabera. Gipuzkoan 110 hektarea lur hartuko lituzke itsasoak eta 34 hektarea hiri.
Eta Itsasoko maila igotzeaz gain, tenperatura ere igotzen ari da. Horren ondorioz, hemen bizi izan diren hainbat espezie iparraldera aldatzen ari dira, eta hegoalderago bizi zirenak hona etorri dira bizitzera. Horrek ondorio handiak ditu ekosistemetan, eta, oraindik ere, zientzialariak haien ondorioei beha daude.

domingo, 2 de febrero de 2014

Izotzak eta glaziarrak. Klimak ez du itxaroten



klima aldaketa eragiten ari den fenomeno nagusiak-1

Klimak ez du itxaroten   Berria.info   2013-11-14 - 11:21:52

Desagertzen ari dira urtetik urtera munduko izotz eta glaziarrak. Gutxienez 1992tik antzeman zieten zientzialariek izotzen urtzeari, baina prozesua lehenagotik dator. Esate baterako, Artikoak bere izotz gunearen erdia inguru —iturri batzuen arabera gehiago, esate baterako, Greenpeaceren arabera, hiru laurdenak— galdu du hiru hamarkadetan. 2012Ko irailean eman zuen inoizko izotz geruzarik txikienaren neurketa: 2,12 milioi kilometro koadro. 1979an zortzi milioi kilometro koadroko batez besteko hedadura zuen izotzak Artikoan. Munduko izotz geruzarik handienetakoa dauka Patagoniak, esate baterako.
Berriki ohartarazi du NASA agentziak izugarri azkar urtzen ari direla hango glaziarrak. Esate baterako, Upsala glaziarrak, Patagoniako hirugarren handienak, hiru kilometro koadro galdu zituen hamarkada eskas batean, 2002tik 2013ra. Antzeko joera ikusi da Patagoniako beste zenbait glaziarretan ere, adibidez, Jorge Montt glaziarrean, Txilen. 


Europan ere prozesua antzekoa da. Alpeetako glaziarrak hedaduraren heren bat galdu dute 1950etik hona. Euskal Herritik gertuago, Pirinioetan ere, 45 kilometro koadro okupatzen zituzten glaziarrek XX. mendearen hasieran eta 2005. urtean bost kilometro koadro eskas besterik ez zuten neurtzen. Tenperatura orokorraren berotzeak eragin du izotzaren urtzeak. Izan ere, izotz guneak eta glaziarrak oso ekosistema hauskorrak dira. Europako Espazio Agentziak emandako datuen arabera, hiru gradu berotu da tenperatura Siberian 1950etik, eta horren ondorioz hango izotz iraunkorraren tamaina asko gutxitu da, Frantzia bezalako lurralde bat halako bi. Mende honen erdirako Artikoko izotzak betirako ur daitezke ari dira ohartarazten zientzialariak, izan ere, Ipar poloko tenperatura 6-8 gradu igo daiteke mende bukaerarako.