miércoles, 23 de enero de 2013

MARTXAN DAUDENAK... ARROPA JANTZITA


Martxan daudenak, neguko arropa jantzita

                                                                                           M.M.Elosegik idatzia Elhuyar aldizkarian

Iadanik esan dugu hilabete honetan hotz fina egin dezakeela. Arazo honi aurre egiteko moldapen desberdin ugari egon daiteke, baina, orokorrean, animaliek hartu dituzte gorputzak kanpoko girotik babesteko neurriak. 




Hegazti askok, garai gorrienetako erreserba izanen den gantz edo koipe estalkia bildu dute. Lumajea ere trinkoagoa dute eta maiz lumak harro-harro jartzen dituzte aire-kapa beroak, kanpoko haize hotzetik isola ditzan.

Ugaztunak ere aurreko hilabeteetan bapo jan eta energia metatzen saiatu ziren eta, orokorrean, ile luzeagoz eta larruazal trinkoagoz jantzi dira. Besteak beste, oreinak larru ilunagoa ageri du, katagorriaren belarriak iletsuak dira oso, eta ardien kalparra ere aski luzatu da. 

Gainera, ospeletik ihesi, animalia asko eguterara mugituko da eguzki-izpi gozagarrien esperantzan.



lunes, 7 de enero de 2013

Ongi etorri berriro eta urte berri on


M.M.Elosegik idatzia Elhuyar aldizkarian


Urtarrila edo ilbeltza negu-neguko hilabetea dugu. Elurrik ez den bitartean mendiek ez dute bere itxurarik politena erakusten. Hostozabal gehienek aspaldi galdu zituzten hostoak eta zuhaitz bilutsiek hotz-sentsazioa ematen diete baso hostogalkorrei. Bizkaiko pinudietan, espezie batzuk babes ona aurki dezakete, baina askoz hobea hostoari eusten dioten baso autoktonoetan.

Aurtengo eguraldi arrraroa bada ere, otsailean tenperatura baxuen ondorioz, garai kaxkarra dugu narrasti edo anfibioak ikusteko. Hizkera arruntean, animalia hauek, “odol hotzekoak” direla esaten dugu, eta izan ere, euren tasa metabolikoa oso baxua dela eta, ez dira gorputzean beroa sortzeko gai. Hortaz, ugaltzen has litezkeen baso-igel gorriak edo uhandre palmatuak kenduta eta, ezohizko berorik ez den bitartean, odol hotzeko animalia gehienak zuloren batean ezkutatu eta garai epelagoen zain ditugu. 

Era berean, intsektuak eta oro har, ornogabeak ere ez dira sobera ikusten. Hauetariko askok negua arrautz edo larba forman pasatzen dute eta kanpoan dabiltzan helduak ez daude garai bizkorrenean.