domingo, 29 de enero de 2012

Migrazioa bukatu eta hezeguneak hegaztiz gainezka

Piztizaleon berriak: Iraila Elosegi Irurtia, Migel M

Eztei-ondorengo migrazioa bukatu zen. Hegazti gehienak uda-bukaeran eta udazken aldera pasa ziren gure gainetik, baina oraindik ere hegazti-sarrera handiak egon daitezke. Europako erdialdean eta iparraldean ipar-haizea sartu eta elur-ekaitzak hasi orduko, hegazti asko mugitzen da latitude hauetara, eta aipagarrienak, oilagorrak, hegaberak eta ahateak izan daitezke. Euskal Herria herrialde epel samarra da eta bakean utzi ezkero gustura gelditzen dira gurean bolada baterako.

Honela, leku asko hegaztiz gainezka daude eta Arabako urtegietan edota Nafarroako hezeguneetan, adibidez, hamarna mila ahate, kopetazuri eta uretako hegazti bil daitezke urtarrilean.Hauxe duzue prismatikoak hartu eta Ulibarriko urtegian hegaztiak barra-barra behatzeko tenorea. Era beran, Urdaibai, Pitillas, Miarritze edota Txingudin ere, hegazti hauek behatzeko garai aproposa izan daiteke.

domingo, 22 de enero de 2012

Martxan daudenak, neguko arropa jantzita


Iadanik esan dugu hilabete honetan hotz fina egin dezakeela. Arazo honi aurre egiteko moldapen desberdin ugari egon daiteke, baina, orokorrean, animaliek hartu dituzte gorputzak kanpoko girotik babesteko neurriak. Hegazti askok, garai gorrienetako erreserba izanen den gantz edo koipe estalkia bildu dute. Lumajea ere trinkoagoa dute eta maiz lumak harro-harro jartzen dituzte aire-kapa beroak, kanpoko haize hotzetik isola ditzan.
Ugaztunak ere aurreko hilabeteetan bapo jan eta energia metatzen saiatu ziren eta, orokorrean, ile luzeagoz eta larruazal trinkoagoz jantzi dira. Besteak beste, oreinak larru ilunagoa ageri du, katagorriaren belarriak iletsuak dira oso, eta ardien kalparra ere aski luzatu da. Gainera, ospeletik ihesi, animalia asko eguterara mugituko da eguzki-izpi gozagarrien esperantzan.

viernes, 13 de enero de 2012

Urte berri on


Urtarrila edo ilbeltza negu-neguko hilabetea dugu. Elurrik ez den bitartean mendiek ez dute bere itxurarik politena erakusten. Hostozabal gehienek aspaldi galdu zituzten hostoak eta zuhaitz bilutsiek hotz-sentsazioa ematen diete baso hostogalkorrei. Bizkaiko pinudietan, espezie batzuk babes ona aurki dezakete, baina askoz hobea hostoari eusten dioten baso autoktonoetan.
Tenperatura baxuen ondorioz, garai kaxkarra dugu narrasti edo anfibioak ikusteko. Hizkera arruntean, animalia hauek, “odol hotzekoak” direla esaten dugu, eta izan ere, euren tasa metabolikoa oso baxua dela eta, ez dira gorputzean beroa sortzeko gai. Hortaz, ugaltzen has litezkeen baso-igel gorriak edo uhandre palmatuak kenduta eta, ezohizko berorik ez den bitartean, odol hotzeko animalia gehienak zuloren batean ezkutatu eta garai epelagoen zain ditugu. Era berean, intsektuak eta oro har, ornogabeak ere ez dira sobera ikusten. Hauetariko askok negua arrautz edo larba forman pasatzen dute eta kanpoan dabiltzan helduak ez daude garai bizkorrenean