martes, 27 de septiembre de 2011

HEGAZTI ASKOREN MIGRAZIOA-GARAIA

M.M.Elosegik idatzia Elhuyar aldizkarian

Akabo uda (bai motza egin zaigula!). Herrietako festak bukatu, giroa freskatzen hasi eta kandela sudurrera itzultzearekin batera, udazkenean sartu garela ohartuko gara. Ibaiak motel, gogorik ez balute bezala, eta gogo gutxi samarrez, halaber, umeak eskolara. Belarraren koloreak dagoeneko kolore gorri-gorria du, bere onenak emanda dagoela erakusten du eta mendiari zahartzaroa iritsi zaiola dirudi.


Aurreko bi hilabeteetan hegazti-mugimendurik egon bada ere, irailean ikusgarria bilakatzen da hau. Etxeko leihotik, adibidez, egun batzuetan enara azpi-zuriak argi-indarreko harietan elkartzen ikus genitzake eta egun batetik bestera alerik ere ez dagoela ohartuko gara.

Saharako basamortutik haranzko lurraldeetara joko zuten, hantxe gelditzen baitira udaberrira arte. Usapalek eta galeperrek ere Afrikarantz migratzen dute tenore honetan, baina ingurunearen aldaketa bortitzen eta ehizaren eraginez, ez dira garai batean bezain beste ikusten.
Hauxe dugu harrapariak migratzen ikusteko hilabete onena. Paseko egun on batean, gabiraiak, aztoreak, belatz gorriak, belatz handiak, arrano txikiak, sugezaleak, arrantzaleak, mirotz zuri eta urdinak, eta abar ikus daitezke, eta espezie desberdinak bereizten ikasteko aukera berebizikoa da.
Harrapari hauek gehienak planeatzaileak ditugu eta haizea berotuta sortzen diren korronte termikoak hartzen saiatzen dira ahalegin txikiena eginez bidaiatzeko. Eguerdi aldeko orduak, hortaz, egokienak izan daitezke hegazti hauek behatzeko
Erne Txingudi, Urdaibai eta gainontzeko hezeguneetan, zangoluzeen mugimendu handia egon daiteke eta. Pirinioetan berriz, Lindux, Ibañeta, Lizarrieta eta Organbidexkan, jadanik prest ditugu hainbat taldetako ornitologoak migratzaileen urteroko zentsoak egiteko. Aukera paregabea migrazioari buruz ikasi eta bidenabar, jende jator askoa ezagutzeko.